HISTORIA

Amaiur, azken gaztelua

Amaiur eta gaztelua, gaztelua eta Amaiur. Harria eta herria, herria eta harria. Bata bertzearekin elkartuta dauden bi hitz dira; zer litzateke Amaiur gaztelurik gabe? Baina, zer litzateke historia gazteluaren ondoan herri bat egon ez balitz?

Amaiur, Maier, Maya…izen desberdinak aurkitu ditugu historiako liburuetan, baina nondik heldu da izena? Zein da bere erranahia? Uraren ama, bukaera, amaierako urrea, urrearen ama…nork daki!

Amaiur eta bere gazteluaren inguruko lehen erreferentziak Behe Erdi Arokoak dira, XII. mende ingurukoak. Maier izeneko herri batean ba omen zen gaztelu bat, eta haren ardura zen Baiona-Iruñea bideko saria biltzea. Zaintzako postua zen, inguruko segurtasuna bermatzeko paratua.

Lauaxetak zioen bezala, “200 gudari oso sumin”ekurtebete iraun zuten gazteluan. Hala ere, 1522ko uztailean, Gaztelako armadak Amaiurko gaztelua setiatu zuen eta barnean gotortuak zeudenak aterarazi zituen, borroka egin ondoren. Erraten ahal da, ezbairik gabe, momentu erabakigarria izan zela, eta orduz geroztik Amaiur eta bere gaztelua Nafarroako historiaren parte izatera pasatu ziren.

Azken Gaztelua.

Ondoko urte eta mendeetan gazteluaren hondarrak eta hondakinak zernahitarako erabili ziren, bertzeak bertze, harrobirako. Inguruko etxeetan eta elizan baliatu ziren gazteluko harriak. Geroago gotorlekua izan zen, Konbentzio gerraren garaian.

Monolitoa eta

INDUSKETA LANAK

XX. mendera arte, Amaiurko gaztelua, Nafarroako historialarien ahotan ibili da. XX. mende hasmentan, abertzaletasunaren sorrerarekin bat,nafar abertzaleek gaztelua gogoratzeko monolitoa goratzea erabaki zuten, gaztelua zegoen muinoan. Arturo Campioni, Iturralde y Suiti eta bertze hainbat sustatzaileri esker, 1922. urtean monolitoa inauguratu zen, eta laster nafartasunaren ikur bilakatu zen. Tokiaren sinbolismoa ikusita, 1931. urtean bonbaz zapartatu zuten. Diotenez, Falangeko segitzaileak izan ziren.

Amaiurko monumentua

Gaur egun, gazteluaren inguruko amildegietan, sasi artean, monolito haren hondarren bat ikusten ahal da.

1982. urtean,herriko gazteek Amaiurko Gaztelu Elkartea sortu eta monolitoa berreraiki zuten. Berehalaxe bilakatu zen berriz ere nafartasunaren eta askatasunaren ikur.

Urteak pasatu ahala, belarrak eta sasiak inguratu zuten monolitoa. Berriz ere Amaiurko herriaren eta Gaztelu Elkartearen ekimenez, 2006an hasi zen Aranzadi ZientziaElkartea inguru horiek arakatzen, eta handik aitzina egindako lanek arrunt aldatu dute bistan duguna.

Indusketa arkeologikoei esker, lurpean gelditu ziren oinarriak agertu zaizkigu eta, hauekin batera, gure HISTORIA: gudu zelaian aurkitutako lehendabiziko ezpata, atea, ur putzua…

Aranzadikoak eta amaiurtarrak lan bikaina egiten ari dira auzolanean. Harrien bila etorri eta Herria aurkitu dutela diote.

Webgune hau erabiltzen segitzen baduzu, cookien erabilera onartzen ari zara. Informazio gehiago.

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar